XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta hori da Orotariko euskal hiztegia, zeinen lehen liburukia ezin izan zuen Mitxelena jaunak inprimaturik ikusi, heriotzak tupustean eraman baitzuen gure artetik, 1987ko urriaren 11an.

Corominesen ekarpenean gogorarazi behar ditugu halaber pertsona- eta leku-izenez burutu dituen ikerlanak.

Estudis de toponimia catalana eta Onomasticon Cataloniae izeneko liburuak, bereziki, izen biltegi naroak dira, euskararentzat arras interesgarriak, zeren maiz euskaran aurkitu baitzuen Corominesek giltza, izen horietariko franko azaltzeko.

Erdi Aroan eta geroago ere, dakigunez, Kataluniako eta Aragoiko Pirinio aldeetan euskara bizirik zegoen, eta gure mintzairak bere hatza eta herexa utzi du hango toponimian.

Jakituria eta zorroztasun handiz ikertu zituen Corominesek izen horiek, ehundaka lekukotasunak ekarriz, zaharrak eta berriagoak, idatzizkoak eta ahozkoak.

Beti ez zuen asmatu, jakina.

Baina merezimendu handia du egileak, zalantzarik gabe, hain lur irristakorrean ibiltzen ausartu zelakoz, eta soluziobide eta iradokizun anitz eskaini.

Estudis liburuaren sarreran (1932koan) garbi utzi zuen zein garrantzitua den euskararen historia eta linguistika sakonki ikastea.

Mitxelenak goraipatu zuen bihotzez liburu hau ere, lehen alea atera zenean.

Euskara ikertu nahi duenarentzat baitezpadakoak eta behar-beharrezkoak dira lan horiek, berdin beste batzuk, oroz gainetik Tópica hespérica eta Entre dos llenguatges

Gauza bera esan daiteke euskarari buruz Corominesek idatzi zituen artikuluez (batzuk bilduak daude liburu horietan), hala nola Hurgando en los nombres vascos de parentesco, De toponimia vasca y vasco-románica en los Bajos Pirineos (Arrangoitze, Lukuze, Amikuze, Sarrikota eta beste dira hor aipagai) edo Dos notas epigráficas

Liburu arina eta denbora pasakoa dirudien beste bat, Lleures i converses d'un filòleg (hau da, Filologo baten aisialdiak eta elkarrizketak), biziki komenigarria da hizkuntzen arazoetan dabilen edozeinentzat, eta ez da txikia euskarak orrialde horietan duen lekua: besteak beste, Donostia izenari buruzko nota luzexka.

Katalanez ere Donostia idatzi behar zen, haren ustez, eta, ebakerari datxekola, ohar jakingarriak egiten zituen.

Bestalde, munta handikoa izan da Corominesen ekarpena beste lan batean: Manuel Agud eta Antonio Tovar zenaren Diccionario etimológico vasco izenekoaz mintzo naiz.